Maria

Umetan beti esan zioten ez zuela eskolarako balio. Horrenbestetan entzundako abestia sinetsita, benetan baliogabe jotzen zuen ispiluak erakusten zion irudia. «Ez dut ezertarako balio», pentsatzen zuen, «zertarako balio nezake?» Ez pentsa kanpotik horrela ikusten zutenik. Denek eskatzen zioten laguntza. Batek «haurdun nago eta zer egingo dut?». Beste batek «gehiegi edaten du gure aitak, lagundu». Ekarri, esan, lagundu, mesedez. Ohitua zegoen. Eta, hala ere, nolakoak diren geure buruarentzako ditugun betaurreko lausotuak, ez zion «zertarako balio dut?» galderari erantzunik aurkitzen. Hogeita hamar urteak
eginak zituen erantzuna bidean agertu zitzaionean. Bihotzeko lagun maitea egin eta hari esker hasi zen gizarte zerbitzuetan lan egiteko ikasten. Orain droga zaletasuna atzean utzi eta bizi zaletasunaren bila doazenekin dihardu beharrean. Gau eta egun. Zaindutako etxe batean. Kartzelako egonaldiak kontatzen dizkiote, argirik gabeko bizitzen miseriak. Zerbitzua publikoa da baina tokatzen zaion erakunde publikoak hirugarren bati erosten dio. Hartara, Mariak 900 euro kobratzen ditu eta ez langile publiko, gizarte zerbitzari moduan dagokion soldata duina. Maria hagin bako heroi tristeen aingerua da eta ez da Maria deitzen eta bere izena ezkutatu badut ere, ez da bera fikziorik gabeko ipuin honetan leku txarrean geratzen dena. Gure kontu publikoak kudeatzen dituztenek ibili beharko lukete burumakur. Aingeruak ere subkontratatu egiten dituzte. Merkatuaren legea omen. Jainko maitea!
Irati Jimenez. BERRIA. Moldatua

A AUKERA

A.1- IRAKURMENA

ULERMENA ( 2 puntu)

1.- Zergatik esaten zioten umetan ez zuela ezertarako balio?
a) Bere amak hala esaten ziolako
b) Denek kanpotik horrela ikusten zutelako
c) Ispiluan ikusi zuelako
d) Behin eta berriro esaten ziotelako

2.- Non eta zertan egiten du lan Mariak?
a) Ez du inon lan egiten
b) Etxe bat zaintzen du
c) Ez du lan egiten,kartzelan dagoelako
d) Berak ikasitakoan egiten du lan

3.- 30 urteak eginak zituen....
a) Bilatzen ari zena aurkitu zuenean
b) Lana aurkitu zuenean
c) Gizarte zerbitzuetan aritzeko ikasten hasi zenean
d) Droga zaletasunarekin hasi zenean

4.- Mariak 900 euroko soldata du...
a) Hagin bako heroiek ordaintzen diotelako
b) Aingeruak subkontratatu duelako
c) Zerbitzu publikoa izan arren, subkontratatua delako
d) Bere lanari dagokiona delako

5.- Zeintzuk dira hagin bako heroi tristeak?
a) Erakunde publikoak
b) Gizarte zerbitzariak
c) Maria eta bere lankideak
d) Zaindutako etxean bizi direnak

GAIA ETA LABURPENA ( 2 PUNTU)

GAIA ( Esaldi batean)

AZALDU TESTUAN AGERTZEN DIREN IDEIA NAGUSIAK.
1.a
...

A.2.- HIZKUNTZA ETA LITERATURAREN INGURUAN (1 PUNTU)

MOLDATU ESALDIAK

a. «Ez dut ezertarako balio», pentsatzen zuen. (... -ela...)
b. Zerbitzua publikoa da baina tokatzen zaion erakunde publikoak hirugarren bati erosten dio. (... arren ...)
c. «Gehiegi edaten du gure aitak, lagundu» esan zion batek. (Batek esan zion ... -ela ...)
d. Izena ezkutatu badut ere, ez da bera fikziorik gabeko ipuin honetan leku txarrean geratzen dena. ( ... baina ...)

A.3 - IDAZLANA ( gutxienez 200 HITZ ) (5 puntu)

GUTUNA

Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lan egiteko gogo handia duzu. Horretarako aurkezpen gutun bat egingo duzu zure burua aurkeztuz eta dituzun
asmoak eta arrazoiak haiekin lan egiteko azalduz.