Hona hemen Plazido Mujikari buruzko testuaren laburpen egokiak eta desegokiak:

LABURPEN EGOKIAK


A. Jose Antonio Aranak Plazido Mujikari behin egin zion bisitan, kezkatuta aurkitu zuen hura: itsutzen ari zela uste zuen eta ez zekien hiztegia amaitzerik izango zuen. Jose Antonio Aranak ohartarazi zuen betaurrekoak zikinak zituela, eta horrexegatik ikusten zuela gero eta gutxiago.
Pasadizo horretan oinarrituta adierazten digu idazleak zein maite zuen Plazido Mujika, zen modukoa izatea­gatik, hots, gauza bakarra eta inportantea jakin, eta horretan itsu-itsuan sinesteagatik.

B. Testuaren bidez, idazleak Plazido Mujika zein gogoko zuen adierazi nahi izan digu, zekien horretan hain itsuan sinesteagatik, eta horretan murgilduta bizitzeagatik, eguneroko ekintza arruntak ahazteraino. Hori adierazteko, J. A. Aranak Plazido Mujikarekin bizi izandako pasadizo batean oinarritzen da.

Zergatik dira egokiak? Argi eduki behar dugu testu beraren laburpen bat baino gehiago izan daitez­keela egokiak. Kontua da testuaren muina jasotzea, zehaztasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, modu batera edo bestera. Bi adibideak irakurrita, hori argi geratzen dela esan dezakegu.

Lehenengoan, idazleak oinarri bezala erabili duen pasadizoa kontatu egiten da labur-labur; bigarren­goan, ez. Azken horretan, idazlearen helburua zein izan den kontuan hartu, eta horixe azaltzen da, hitz bitan. Hala ere, idazlea nor den ez dakigu eta, beraz, testuan esaten duenera mugatu behar. Nork eta non idatzi duen jakin izan bagenu, zertarako edota zergatik idatzi duen ere argiago jakingo genuke, eta halaxe bildu ahal izango zen laburpenean.

LABURPEN DESEGOKIA


Jose Antonio Arana Plazido Mujika bisitatzera doa, eta kezkatua aurkitzen du, itsutzen ari dela uste du. Elkarrizketa bat mantentzen dute, eta haurtzaroko paisaiei eta abarri buruz hitz egiten dute. Mujikak esaten du Chimborazo mendirik altuena dela, munduaren erdigunetik neurtuz. Aranak Mujikari betaurrekoak hartu eta garbitu egiten dizkio. Orduan Mujika konturatzen da itsua ez dela.

Zergatik da desegokia? Laburpena desegokia zergatik den azaltzean, hainbat puntu aipa daitezke. Hona hemen:


  • Laburpenak ez du testuaren muina biltzen. Ez da adierazten idazleak zer azaldu nahi izan digun. Laburpena egin duenak ahaztu egin du testuaren hirugarren paragrafoan esaten dena. Lehen bi paragrafoetan kontatzen den pasadizoa laburtzeko ahalegina baino ez du egin.

  • Pasadizoa laburtzerakoan ere, horren abiapuntu den kezka, beldurra, ez du osorik jaso. Izan ere, Plazido Mujika itsutzen ari ote den beldur da, baina itsutzeak baino gehiago kezkatzen du, horren ondorioz hiztegia ezin amaitu izateak. Horrez gain, bigarren mailako informazioak bildu ditu: zeri buruz hitz egin zuten, mendi altuenaren kontua ...

  • Loturena ez duela landu esan daiteke. Itxura batean, aukeratutako ideiak elkarren segidan jarri besterik ez du egin. Elkarren arteko loturarik ez dago, ez mamiaren aldetik, eta ezta formaren alde­tik ere.