Selektibitatea 2002
Euskara eta Literatura (Azterketa / EKAINA)


Nekatuta baina pozarren iritsi dira Alberto Iñurrategi eta bere taldekideak Euskal Herrira. Oinak Izarretan
espedizioko kideak arratsaldeko 16:00etan iritsi ziren Loiuko aireportura, espero baino bi ordu beranduago. Izan ere,
hasieran hartu behar zuten hegaldian lekurik gabe geratu ziren.

Oso nekatuta baina pozik agertu ziren espedizioko lau kideak, Alberto Iñurrategi, Jon Beloki, Jon Lazkano eta
Juanjo San Sebastian, Iurretan, ETBko egoitzan eman zuten prentsaurrekoan. Iñurrategik hitza hartu eta azaldu zuen
Annapurnara, bere hamalaugarren zortzimilakora igotzeko, nahitaezkoa dela “zoroaldi txiki bat” izatea. «Espero
baino askoz zailagoa izan da igoera. Horregatik, zalantzak izan nituen arrakastarik izango ote genuen, eta indarrek
lagunduko ote ziguten».

Annapurnako (8.091 metro) Ekialdeko ertzean sartuta, ezusteko handia hartu zutela aitortu zuen Alberto
Iñurrategik, bidea elurrik gabe zegoelako. «Horrek izugarri zaildu1 zuen gure lana, ohikoa ez den beste bide batetik
egin behar izan baikenuen gorantz». Hainbeste zailtasun ikusita, bitan edo hirutan gailurrera helduko ez zirela ere
pentsatu zuten. Une kritiko horietan alboan Jean Christophe Lafaille izatea erabakigarria izan zen Iñurrategirentzat,
«teknikoki ni baino zailduago2 baitago». Mendizale euskaldunak Annapurnako Ekialdeko ertza Errusiako mendizaleentzat
egokiagoa dela esan zuen, erdi txantxatan, «gu baino bizimodu gogorragora ohituago baitaude».

Hamalau zortzimilakoak osatzeagatik pozik mintzatu zen, eta ez zen batere larritu aurrerantzean zer egingo duten
galdetu ziotenean: «Bilatuko ditugu erronka berriak. Mendiak milaka daude eta ez aspertzeko moduko irteerak beste
hainbeste».

Prentsaurrekoa bukatuta, Alberto Iñurrategik eta espediziokoek aretxabaletarren omenaldi beroa jaso zuten
Aretxabaletako udalean. Igotako zortzimilako gailur guztiak gogoratu zizkieten hamalau dantzarik mendigoizaleei.
Felix Iñurrategi zena ere gogoratu zuten Aretxabaletako plazan bildutako ehunka herritarrek.

1 zaildu1: zail egin, zail bihurtu
2 zaildu2: gogortua, gauza edo lan gogorretarako ohitua

A. Ulermena.


1. Erantzun galdera hauei: (5 puntu)


a. Zergatik esan zuen Iñurrategik Annapurnako ekialdeko bidea errusiarrentzat egokiagoa zela?
b. Iñurrategik zortzi mila metrotik gorako zenbat mendi egin ditu? Zein izan da azkena?
c. Zergatik egin zitzaien uste baino zailago gailurrera iristea?
d. Hemendik aurrera zer asmo dute mendizale hauek?
e. Mendizaleek non eskaini zuten prentsaurrekoa?

B. Idazlana. (5 p.)


Kirolak gero eta garrantzi handiagoa du gure gizartean. Kirola ikuskizuna da; diru iturri ere bada; kirolak badu osasunarekin ere zerikusia; drogak ere tartean dabiltza zenbaitetan... Azal ezazu, hogei lerrotan, nola ikusten duzun kontu hau. Kirolak zure bizitzan duen lekua ere aipa dezakezu.