EUSKARA


Ariketa zuzentzeko IRIZPIDEAK

1. AZTERKETAK BI ATAL NAGUSI DITU:

a) ULERMENA (6 p.):

  • Ulermenean, batetik edukiari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen bada, puntuazio gorena emango zaio galdera bakoitzean. Lau galdera direnez, bakoitzari 0,5 puntu dagozkio. Batez ere ulermena neurtuko da. Ortografia eta lexikoa bigarren mailan geratuko dira

  • Gaia eta laburpena: testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten bada (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu dela erakutsiz), beste bi puntu emango zaizkio, gramatika oker nabarmenik ez bada behintzat. Beraz, sintesi gaitasuna neurtuko da. Era berean, zuzentasuna eta koherentzia ere kontuan hartuko dira. Akats larriak zigortuko dira.

*
Moldatu esaldiak: 2 puntu.Testuko zenbait esaldi edo hitz beste modu batera ematea da hemen eskatuko litzatekeena. Ideien arteko lotura logikoak baloratuko dira. Beraz, perpausak lotzeko eta hauen artean erlazio semantikoak adierazteko erabiltzen diren lokailuen erabilera zuzena.

b) IDAZLANA (4 p.):

  • Idazlanagatik beste 4 puntu jasoko ditu ikasleak. Horretarako, proposatzen den gaiari eutsi behar dio eta ez beste bati, adibidez. Hizkuntza zuzentasunaz gainera, aberastasuna ere kontuan hartuko da, bai joskeran bai hiztegian. Ideiak elkarrekin behar bezala josiak, testu koherente batean, argi eta zuzen idatziz gero, puntuazio gorena emango zaio ikasleari. Argudioak eman behar direnean, argudiatzeko modua nolakoa den ere kontuan hartuko da. Edukia eta forma baloratuko dira, hortaz. Edukiaren aldetik, ideian aberastasuna, originaltasuna‚Ķ eta formaren aldetik, idatzizko testuen koherentzia eta kohesioa zuzentzen duten elementuen erabilera, lexikoa, ortografia, e.a. Akats larriak zigortuko dira.

2. FROGAREN EZAUGARRIAK:

  • Luzera: 400 hitz inguruko testu bat emango da aztertzeko.

  • Azterketa egiteko denbora: Azterketa egiteko 90 minutu izango dute ikasleek.

  • Testu motak: Testuak argudio-testuak, azalpenak, narrazioak edo deskribapenak izango dira. Kazetaritzazkoak gehienbat, baina zientzia arlokoak edo literarioak ere izan daitezke. Euskara batuan idatziak eta erregistro jasokoak izango dira. Behar denean, hiztegiari buruzko zenbait azalpen emango da oinohar gisa.

3. GALDERAK:

Bi zati izango ditu ariketak: bata ulermenezkoa eta bestea adierazpenezkoa.

· Ulermena:

  • Testuaren laburpena egitea (6-8 lerrotan) eta ideia nagusia (esaldi labur batean) ematea eskatuko da. (2 p.) Iruzkin kritikoetan ohi denez, ikasleak bere hitz propioak erabili behar ditu eta ez du balio testuko esaldiak osorik eta besterik gabe jasotzeak.

  • Testuaren ulermena ziurtatuko duten zenbait galdera egingo dira (2 p.) Erantzun hauetan izan ezik, beste guztietan idatziaren zuzentasuna kontuan hartuko da, bai ortografiari dagokionez, bai morfologiari, sintaxiari edo lexikoari dagokionez.

  • Esaldiak moldatu (2 p.) Testuko zenbait esaldi, lokailuen bidez, beste modu batera ematea da hemen eskatuko litzatekeena.

· Idazlana:

  • Testuko gaiaren inguruan idazlan bat egitea eskatzen da hemen. Idazlan hau argudiatze motakoa izan daiteke edo deskribapen bat nahiz narrazio labur bat.

ARGUDIO TESTUA IDAZTEKO AHOLKUAK: (urtean zehar emandako apunteak errepasatzea komenigarria litzateke, dena den, laburpena hementxe doa)

Hiru atal nagusi ditu argudio testu batek:

1. SARRERA: eztabaidaren aurkezpena egiten da bertan. Batzuetan defendatu nahi den tesiaren aipamena ere egiten da. Atal honek 1go paragrafoa hartzen du eta, Ondorioa paragrafoarekin batera, testuko atalik laburrena da (150 hitzeko testu batean, 3-4 lerro).

a. Gaia testuinguru historiko batean koka daiteke
b. Gaira hurbiltzeko norberari gertatutakoa erabil daiteke
c. Galdera erretorikoaren bidez irakurlea gaian sar daiteke
d. Egungo egoera azpimarra daiteke


Atal hau idazterakoan erabil daitezkeen esaldi topiko zenbait (oso lagungarri gertatuko zaizkizue):

1. Gaurkotasun/interes handia du gai honek, izan ere...
2. Orain dela ... urte ... . Gaur egun, berriz,...
3. Askoren ustez,...da. Hala ote da benetan?
4. Azaletik/sakonki ezagutzen dut gai hau, urrunetik/hurbiletik ezagutzen dut eta.

Ez ahaztu SARRERATIK GARAPENERA: galdera erretorikoez gainera, sarreraren eta hurrengo paragrafoen arteko jauzia egiteko, lotura bat erabiltzen da gehienetan. Sarreraren azken esaldia izaten da, hau da sarrera ixten duen nolabaiteko lotura esaldia da. Hona hemen adibide batzuk:

e. Gaia jorratzeko, honako puntuak erabiliko ditugu.
f. Gai hau aztertzerakoan, honako puntuak hartuko ditugu kontuan.
g. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.
h. Baina gatozen harira.

2. GARAPENA: argudio testuaren muina da atal hau. Bertan biltzen dira artikulugilearen hipotesiak, jarrerak...; bere ideiak defendatzeko erabiltzen dituen arrazoi guztiak, alegia. Baina, kontuz!, hierarkia baten arabera antolatu behar dira argudioak. Paragrafo bakoitza argudio baten inguruan antolatuta dago, eta ideia eta argudio bakoitzak paragrafo bat hartzen du.

a. HAINBAT ARGUDIAKETA MOTA:

i. Autoritate argudioa: pertsona, elkarte edota erakunde baten iritzia erabiliz, idatziaren tesia sendotzeko erabili ohi dugu argudiatze modu hau. (Munduko zientzialari jakintsuenek diotenez,...)

ii. Irakurlea eta idazlea talde bereko: idazleak bere pentsaera beste askorena dela agertzen du. Pluraleko lehen pertsona, gu, azpimarratzen da argudiatze mota honetan. (Motorzaleok badakigu kaskoa beharrezkoa dugula...)

iii. Adibide bidezkoa: iritziak argiago, ulergarriago eta, aldi berean, pisu handiagoko egiten dituen argudiatzea dugu hau. (Esate baterako, zein gurasok mugatzen du telebista aurreko egonaldia?)

iv. Tesien kontrajarpena: norbere eta besteen tesiak eztabaidatuz, arrazoizko tesi bat proposatu bukaeran. (Telebista bidez ez omen da ezer ikasten, baina egia da dokumental ederrak ere ematen dituztela) Oso garrantzitsua!!!

b. TESTUAREN BATASUNA: Testuak barne lotura izateko, elementu hauek erabiliko ditugu: ANTOLATZAILEAK (lokailu-juntagailuak) eta ERREFERENTZIA BALIABIDEAK.

i. ANTOLATZAILEAK: testua eta arrazonamenduaren haria bideratzen dute. Aukera zabala bada ere, guk, argitze aldera, batzuk baizik ez dizkizuegu emango: ANTOLATZAILEEN ZERRENDA .

ii. ERREFERENTZIA BALIABIDEAK: testuan agertutako elementu bat beste era batera aipatzeko moduak dira. Besteak beste, hauek izan daitezke:

1. Ordezkapena: zerbait modu ezberdinez aipatzea. Ordezkapenaren bidez, elementu bat behin eta berriro ez errepikatzea lortzen dugu.
2. Pronominalizazioa: izenordain (hau, hura, bera hauek...) eta aditzondoenak (gehienbat aurretik aipatutako lekuren bati egiten dio erreferentzia -han, bertan...- bereiziko ditugu.


3. KONKLUSIO ETA ONDORIOAK: argudio testuaren azkeneko paragrafoa hartzen du. Atal honek bi helburu ditu funtsean: batetik, testuan zehar garatutako ideia nagusia(k) laburbildu, eta, bestetik, ondorio batzuk atera.

i. Erabil daitezkeen zenbait lokailu-juntagailu: beraz, hortaz, aurreko guztia laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke, amaitzeko...

4. AZKEN AHOLKUAK:

  • Tintaz idatzi eta letra ulergarria egin
  • Marjinak eta paragrafo arteko zuriuneak zaindu
  • Ortografia zaindu
  • Idatzitakoa errepasatu
  • Ondo irakurri galderak eta eskakizunak
  • Argudioa testua egiteko aholkuak (baldin eta mota honetako testua egiteko aukera badago, noski!):
  • Ondo pentsatu idazten hasi aurretik
  • Eskematxoa egin argudioekin
  • Hiru atal hauek izango ditu:
    • Sarrera: gaiaren aurkezpen laburra eta garapenarekin lotuko duen esaldia.
    • Garapena: argudiatzea (lokailu-juntagailuak, erreferentzi baliabideak...). Ideia baten aldeko eta kontrako arrazoien eztabaida.
    • Konklusioa edo ondorioak: ideia nagusien laburbilketa eta ondorioak atera. Norbere iritzia ere gehitu daiteke, edo irakurlearen arreta piztu galdera erretoriko baten bidez.

  • Paragrafoak. Atalak paragrafotan bereiziko dira: paragrafo bakoitza ideia baten inguruan antolatuko da; ideia batek osatuko du paragrafo bakoitza. Testuaren eta paragrafoen arteko batasuna zaintzeko, unitatean zehar erabilitako testu-antolatzaileak hautatuko dira.

  • Lokailu-juntagailuak. Ideiak aurkezteko, gehitzeko, kontrako arrazoiak emateko edota ondorioak ateratzeko unitatean landutako lokailuez baliatuko zara: lehenik eta behin; beste aldetik; gainera; adibidez; azkenik; beraz...
Hasiko naiz idazten hemen ikusteko nola egiten den...