Maria

Umetan beti esan zioten ez zuela eskolarako balio. Horrenbestetan entzundako abestia sinetsita, benetan baliogabe jotzen zuen ispiluak erakusten zion irudia. «Ez dut ezertarako balio», pentsatzen zuen, «zertarako balio nezake?» Ez pentsa kanpotik horrela ikusten zutenik. Denek eskatzen zioten laguntza. Batek «haurdun nago eta zer egingo dut?». Beste batek «gehiegi edaten du gure aitak, lagundu». Ekarri, esan, lagundu, mesedez. Ohitua zegoen. Eta, hala ere, nolakoak diren geure buruarentzako ditugun betaurreko lausotuak, ez zion «zertarako balio dut?» galderari erantzunik aurkitzen. Hogeita hamar urteak
eginak zituen erantzuna bidean agertu zitzaionean. Bihotzeko lagun maitea egin eta hari esker hasi zen gizarte zerbitzuetan lan egiteko ikasten. Orain droga zaletasuna atzean utzi eta bizi zaletasunaren bila doazenekin dihardu beharrean. Gau eta egun. Zaindutako etxe batean. Kartzelako egonaldiak kontatzen dizkiote, argirik gabeko bizitzen miseriak. Zerbitzua publikoa da baina tokatzen zaion erakunde publikoak hirugarren bati erosten dio. Hartara, Mariak 900 euro kobratzen ditu eta ez langile publiko, gizarte zerbitzari moduan dagokion soldata duina. Maria hagin bako heroi tristeen aingerua da eta ez da Maria deitzen eta bere izena ezkutatu badut ere, ez da bera fikziorik gabeko ipuin honetan leku txarrean geratzen dena. Gure kontu publikoak kudeatzen dituztenek ibili beharko lukete burumakur. Aingeruak ere subkontratatu egiten dituzte. Merkatuaren legea omen. Jainko maitea!
Irati Jimenez. BERRIA. Moldatua

B AUKERA

B.1- IRAKURMENA

ULERMENA ( 2 puntu)

1. Non eta zertan egiten du lan Mariak?
2. Zer esan nahi du idazleak “Maria hagin bako heroi tristeen aingerua da” esaten duenean?
3. Zer pentsatzen zuen Mariak gizarte zerbitzuetan lan egiteko ikasten hasi aurretik?
4. Nor da ipuin honetan leku txarrean geratzen dena? Zergatik?


GAIA ETA LABURPENA ( 2 PUNTU)

  • GAIA ( Esaldi batean)


  • LABURTU TESTUA ( gehienez 5-7 lerro)








B.2.- HIZKUNTZA ETA LITERATURAREN INGURUAN (1 PUNTU)

AZALDU ESANAHIA


  • “horrenbestetan entzundako abestia”:
  • “bizi zaletasunaren bila” :
  • “fikziorik gabeko ipuina”:
  • “heroi tristeen aingerua”:


B.3 - IDAZLANA (gutxienez 200 HITZ ) (5 puntu)

Gaia: GAZTEAK ETA LANA

Ondorengo gidoia garatuz iritzi artikulu bat prestatu behar duzu egunkari baterako:
  • lan-merkatuan sartzeko gazteek dituzten oztopoak
  • gazteen lana eta kontratu baldintzak
  • soldatak eta gazteen beharrei erantzuteko zailtasunak