Selektibitatea 2000 Euskara eta Literatura (Azterketa / 1)

Elizetan entzuten direnean hunkitu, poztu, tristetu eta batzuetan beldurtu egiten gaituzte. Normalean elizaren atzeko
aldean egoten direnez, jendearentzat guztiz ezezagunak izaten dira.

Baina ezezagunak badira ere, Euskal Herriko organoen maila mundu osoko onenetakoa da. Esteban Elizondo organo-jole
ezagunaren ustez, gurean dugun organo ondarea1 benetan ikusgarria da. Gipuzkoa da kalitatezko organo gehien dituen lurraldea.

Organo erromantikoen esparruan2 altxor3 bikaina du Gipuzkoak. Frantziako Cavaillé-Coll etxeak egin zituen 1811 eta
1899 bitartean organo erromantiko ederrenak. Berehala ekarri zituzten Euskal Herrira lehenengo Cavaillé-Coll organoak.
Lehenengoa Lekeitioko elizan jarri zen 1856an. Euskal Herrian hogeita lau organo egin zituen Frantziako etxeak, baina
enpresako ordezkari4 izandako apaiz baten bidez, Gipuzkoa bihurtu zen Cavaillé-Coll organo gehien zituen lurraldea. Gaur
egun, Gipuzkoan hamalau Cavaillé-Coll daude. Horietatik hiru dira garrantzitsuenak: Donostiako Santa Mariakoa,
Azkoitiko Santa Mariakoa eta Loiolako basilikakoa. Hiru horiek munduko organo erromantikoen artean onenetakoak dira.
Cavaillé-Coll organo ugari egin ziren garai hartan Frantzian eta Euskal Herrian. Frantzian, urte batzuk geroago, modak
zirela-eta etxe horretako organo gehienak eraberritu5 egin zituzten garai berrietako gustuen arabera. Oso organo gutxi geratu
ziren Frantzian erreforma horiek egin gabe. Euskal Herrian, aldiz, ez ziren ukitu. Urteak pasatu ahala, musika erromantikoa
jotzeko garaian garaiko instrumentuen garbitasuna bilatu nahi izan da, eta hori gure inguruan dauden organoetan aurkitu
dute garbizaleek. Horregatik, gaur egun, organo musika erromantikoa grabatu nahi duten musikari europarrek Azkoitiko
edo Donostiako Santa Maria elizetako organoetan egiten dituzte beren grabazioak.

Gure herrian ere organoak egiteko tradizio handia izan da mendeetan zehar. Organo erromantikoen garaietatik dator
euskal organogileen fama. XIX. mendean Aquilino Amezua azpeitiarra izan zen Espainiako organogilerik famatuena. Berak
egin zuen Berako organoa, Nafarroako organo erromantikorik garrantzitsuena.

Garai hartatik aurrera, eta organoek hartu zuten garrantzia ikusita, enpresa gehiago sortu ziren. 1912an Amezua y
Compañía desagertzean, bi enpresa sortu ziren: alde batetik, Azpeitiko Eleizgarai y Compañía; eta, bestetik, Amezua y
Compañía, Hernanin. Bi etxe hauetako langileak aurretik Amezuarekin lan egindakoak ziren. Etxe hauek oraindik lanean
segitzen dute eta inguruko organoetan konponketak egiten dituzte. Nafarroan, Murtxanten, bi gaztek osatu zuten enpresa
bat martxan dago, eta haien azken lana Donostiako Jesuiten elizako organoa konpontzea izan da. Estatu espainiarrean,
Gaztelan eta Katalunian daude organogilerik onenak gaur egun. Gazteen artean zaila da organogileak sortzea. Normalean
familiako enpresak izaten dira, eta lanbidea gurasoengandik seme-alabengana transmititzen da.

1 ondare: arbasoengandik jasotzen diren ondasunen multzoa
1 esparru: eremu mugatu eta itxia, alorra
3 altxor: balio handiko gauzen bilduma, gehienetan ezkutuan egoten dena
4 ordezkari: talde, erakunde edo pertsona baten ordez edo izenean ageri dena
5 eraberritu: berritu, berriztatu


A. Ulermena.


1. Erantzun galdera hauei: (2 p.)


a. Nolakoa da Euskal Herrian dugun organo ondarea?
b. Cavaillé-Coll organorik ba al da Euskal Herrian? Non daude gehienak? Zenbat?
c. Zergatik etortzen dira Euskal Herrira Europako organo-joleak beren grabazioak egitera?
d. Gaur egun non daude organogile onenak?
e. Gazten artean organogile ugari al da?

2. Egin ezazu testu horren laburpena eta azal ezazu zein den gai nagusia. (2 p.)


3. Testuan ageri diren esaldi hauek beste modu batera eman itzazu. Horretarako, parentesi artean erakusten zaizun bidea erabili behar duzu azpimarraturik dagoena beste modu batera adierazteko. Eta ematen duzun ordainak eta testuko esaldiak funtsean adiera bera izan behar dute: ( 1 p.)


a. Baina ezezagunak badira ere, Euskal Herriko organoen maila mundu osoko onenetako da. (arren)
b. 1912 Amezua y Compañía desagertzean, bi enpresa sortu ziren. (desagertu)
c. Enpresaren ordezkari izandako apaiz baten bidez, Gipuzkoa bihurtu zen Cavaillé-Coll organo gehien zituen lurraldea. (izan zen)

B. Idazlana. (5 p.)


Testu honetan musika tresna berezi bati buruzko kontuak aipatu dira. Idatz ezazu, 20 lerrotan, musikari buruz duzun iritzia: musikak gure bizitzan duen lekua; musika desberdinak; atsegin dituzun eta gorrotatzen dituzun musika motak; eta abar.