Selektibitatea 2001
Euskara eta Literatura (Azterketa / EKAINA)

Estatu Batuetan, Kaliforniako Unibertsitatean, mediku talde batek terapia geniko aurreratu bat saiatu berri du
Alzheimerren gaitzari aurre egiteko. Gaixotasunari jotako emakume bati garunean genetikoki eraldatutako1 zelulak ezarri
dizkiote. Era horretan, gaitzaren sintomak arintzea espero dute.

Emakumeari aurrena2 azaletik zelulak hartu zizkioten, eta gero genetikoki eraldatu zituzten. Zelula horiei, garuneko3
zelulak bizitzeko eta hazteko behar duten gene bat ezarri zieten. Gero, eraldatutako geneak emakumearen garunean ezarri
zituzten.

Horrela, gaitza sendatzea ez da lortuko. «Ez dugu esperantza faltsurik zabaldu nahi» –esan dute sendagileek.
Alzheimerren gaitzaren berezko ondorio larria neuronen heriotza da. Hori geratzea da helburu nagusia: “Garuneko zelulen
heriotza moteldu daitekeela frogatu nahi dugu”, azaldu dute Kaliforniako Unibertsitateko neurologoek.

Oraindik ez dago argi zer-nolako emaitza4 izango duen ebakuntzak5. Itxaropentsu azaldu dira zenbait aditu. Dena ondo
badoa, urrats handia izango da, bai Alzheimerren gaitzari aurre egiteko, bai Parkinsonenaren sintomak arintzeko ere.
Garuneko zelulak suntsitzen6 dituen edozein gaitzi aurre egiteko egokia izan daiteke. Hala uste du, esaterako, Zaven
Khachaturian Estatu Batuetako Alzheimer Elkarteko mediku adituak.

Beste zenbait aditu, ordea, kezkati azaldu dira. Izan ere, ez dago argi garunean ezarritako zelulek nolako bilakaera7
izango duten. Gainera, zelula horiek garunean handitzen hasten badira ondorio txarrak izan daitezke. Hazkundearen8
inguruko kontuak oso indartsuak eta konplexuak izaten dira. Horregatik, oso kontuz ibili behar dela diote.

Genetikoki eraldatutako zelulak garuneko zati jakin batean ezarri dira. Oroimenarekin eta ikasketa prozesuekin erlazionaturik
dagoen zatian, hain zuzen. Funtzio horien galera moteldu egingo dela espero dute sendagileek. Baina gertutik9
jarraitu beharko dute haren bilakaera ondorioak ateratzeko.

Genetika gaitz guztiak sendatuko dituen giltza dela uste dute askok. Ehunka ikerketa talde eta erakunde ari dira horretan.
Gaixotasunak sortzen dituzten geneak aurkitu, eraldatu eta saldu egiten dituzte. Orain Kaliforniako Unibertsitatean saiatu
duten ebakuntzaren atzean, esaterako, Cell Genesys konpainia dago, Estatu Batuetako konpainia handia. Geneen eraldaketaren
bidez gaitz askori aurre egiteko bideak ikertzen ari dira. Hainbat minbizi, hemofilia, bihotzeko gaitzak, garuneko
gaitzak... beren ikerketei esker sendatu ahal izango direla diote. Beste hainbat adituk, ordea, diote guztia ez dela genetika.

1 eraldatu: aldatu, aldaketaren bat egin
2 aurrena: lehenbizi
3 garun: burmuina
4 emaitza: fruitua, ondorioa
5 ebakuntza: operazioa
6 suntsitu: desegin
7 bilakaera: eboluzioa, aurrerabidea
8 hazkunde: haztea, handitzea
9 gertutik: hurbiletik

A. Ulermena.


1. Erantzun galdera hauei: (2 p.)


a. Zer terapia saiatu dute Kalifornian?
b. Zer lortu nahi dute medikuek ebakuntza honekin?
c. Adituak bat al datoz horrelako ebakuntzen ondorioei buruz?
d. Zergatik daude kezkati zenbait aditu?
e. Garuneko zein partetan ezarri dizkiote emakumeari genetikoki eraldatutako zelula horiek?

2. Azal ezazu zein den testu honen gaia. Egin laburpen bat. (2 p.)


3. Testuan ageri diren esaldi hauek beste modu batera eman itzazu. Horretarako, parentesi artean erakusten zaizun bidea erabili behar duzu azpimarraturik dagoena beste modu batera adierazteko. Eta ematen duzun ordainak eta testuko esaldiak funtsean adiera bera izan behar dute: (1 p.)


a. “Ez dugu esperantza faltsurik zabaldu nahi” –esan dute sendagileek. (-ela)
b. Dena ondo badoa, urrats handia izango da. (gero)
c. Ez dago argi garunean ezarritako zelulek nolako bilakaera izango duten. (zein izango den)

B. Idazlana. (5 p.)


Azal ezazu, hogei lerrotan, genetika kontu haiei buruz duzun iritzia: bidezko iruditzen zaizkizun; gehiegikeria ote diren; onerako ala txarrerako izango ote diren; dituzten arriskuak; kontrolaren beharra, eta abar azalduz.