PERPAUSAK ELKARTZEKO BIDEA: LOKAILUAK.


Testu mailako loturak adierazteko erabiltzen ditugun hitzei lokailuak esaten zaie. Lokailuak hitz solteak dira, hau da, ez dira atzizkiak. Juntagailuak ez bezala, metatu egin daitezke; hau da, perpaus berean lokailu bat baino gehiago ager daiteke.

Lokailuak bost multzotan sailka ditzakegu:


1. Aurkaritzakoak: aurretik esandakoari aurkaritza adierazteko, adibidez: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik, bitartean, artean, alta, alabaina, dena dela, hala ere.
  • Hau sano polita da; beste hori, ORDEA, ez dut gogoko.
  • Atzizkiak atzean jartzen dira; aurrizkiak, BERRIZ, aurrean.
  • Hori merkeagoa da; beste hau, OSTERA, hobeto eginda dago.
  • Lehen oso txarra zen; orain, ALDIZ, onenetarikoa.
  • EZ daude zure kontra; AITZITIK, zu lagundu nahian dabiltza.
  • Denak saiatzen ziren bera laguntzen; eta bera, BITARTEAN (BIZKITARTEAN), gaizki esaka.
  • Aspaldian zegoen hila; ALTA, ez ziren konturatu atzo arte.
  • Ez zuen inor ezagutzen; ALABAINA, ez da beldurtu.
  • Niri ere ez zait askorik gustatzen; DENA DELA, eginda dago.
  • Ez dut uste ezer dakienik; HALA ERE, galdetu egingo diot.

2. Ondoriozkoak: testuan zehar esandakoaren ondorio gisako zerbait adierazteko, adibidez: beraz, bada, hortaz, orduan, honenbestez, horrenbestez, halatan.
  • Autoa hondatuta dago; BERAZ, oinez joan beharko dugu.
  • Zu ez zinen egon; BADA, isilik egon.
  • Goizean ikusi dut; HORTAZ, ez dago atzerrian.
  • Ez nekien zer egin; ORDUAN, hona etortzea bururatu zitzaidan.
  • Denbora agortu egin zaigu; HONENBESTEZ, amaiera eman beharko diogu.
  • Gau osoa igaro zuen kalean; HORRENBESTEZ, hoztu egin zen.
  • Gazte-gaztetatik izan zuen zaletasuna; HALATAN, segituan espezializatu zen.

3. Kausazkoak: testu mailako kausazko loturak adierazteko, adibidez: izan ere, zeren, ze.
  • Bota egin dut; IZAN ERE, oso zahartuta zegoen.
  • Kontuz ibili; IZAN ERE, oso labainkor dago.
  • Egia da; IZAN ERE, nik neuk ikusi dut.

4. Emendiozkoak: aurretik esandakoari zerbait gehitu edo gaineratzeko, adibidez: bestalde, halaber, orobat, berebat, behintzat, segurik, behinik behin, bederen, bederik.
  • Erraztasun handia dauka; BESTALDE, ordu asko sartu ditu.
  • Zuzendaria ados dago; Mikel eta Maite, HALABER, aldekoak dira.
  • Aurtengo konbenioan soldatak %6 igo dira; OROBAT, lan-orduak murriztu egin dira.
  • Merkeena zelako aukeratu genuen; BEREBAT, esan behar da kalitate handikoa dela.
  • Ni etorri naizenean, BEHINTZAT, lotan zegoen.
  • Anek eta Andonik, SEGURIK, bazekiten.
  • Besteak ez dakit; baina hau, BEHINIK BEHIN, apurtuta dago.
  • Utz iezadazu azaltzen, laburki BEDEREN (bada ere).

5. Hautakariak: testuan adierazitako gauza edo ideien artean hautatzeko, adibidez: bestela, osterantzean, gainerakoan, gainontzean, ezpabere.
  • Laguntza behar du; BESTELA, ez du lortuko.
  • Ahal baduzu, ondo; OSTERANTZEAN (BESTELA), neuk egingo dut.
  • Etxe zaharra da; baina, GAINERAKOAN, oso ondo dago.
  • Oso zurruna da; hala ere, GAINONTZEAN, oso irakasle ona da.
  • Txarto esaten badut, zuzendu; EZPABERE, ez dut sekula ikasiko.


LOKAILUAK LANTZEN:

Hementxe duzu lokailuak lantzeko ariketa sorta. Azken Hautaprobetan eskatu izan duten legez, esaldiak moldatu behar dituzu lokailu jakin batzuk erabiliz. Horretaz gain, juntadura eta menperakuntza lantzeko ariketak ere topa ditzakezu.

Gehiago jakin nahi baduzu, jarraitu irakurtzen.